Bakanketak eta bakandurak

Egitura-erabilerako zura produzitu nahi badugu, 20 urtetik aurrera, gehienez ere 600 landare eduki beharko lirateke hektareako, eta horietatik 300 habe ezin hobe lor litezke. Horietatik, egitura-erabilerarako egokia den zura duten 8 metrotik gorako enborrak lortu beharko lirateke.

Helburu hori lortzeko, dentsitate txikiko plantaziotik abia gaitezke, eta, hortaz, oso bakanketa gutxi egin beharko lirateke, modu selektiboan egin ere; edo, dentsitate handiko plantaziotik abia gaitezke, bakandurak egiteko, eta horien bidez bakanduren kostua ordaindu eta landareak hobeto hautatzeko aukera izango genuke.

Bakanketa landareak helburu ekonomikorik gabe kentzea da; bakandura, berriz, landareak modu selektiboan eta errendimendu ekonomiko osagarria lortzeko asmoz kentzea da.

2.400 landareko (3 x 1,5) dentsitatea duen baso batetik abiatuz gero, bakanduren bidez, 10 urteren buruan plantazioak hasierakoaren erdia izan behar du, eta 20 urteren buruan, haren laurdena.

  • Lehen azpiproduktu bat landarea ornamentazio-erabilerarako saltzea izan daiteke, edo beste baso batzuk basoberritzeko. Errentagarritasun urria du, baina sortzen dituen kostuak betetzeko adinakoa izaten da.
  • Bigarren azpiproduktu bat 20 urteren buruan gainerako enborrak modu selektiboan botatzea da, zura zelulosa egiteko edo zurezko produktuak lortzeko aprobetxatzearren. Bigarren bakandura horretan, landarerik onenak eta hazkuntza-baldintzarik onenetan utzi beharko ditugu. Honako hauek izan daitezke kentzeko moduko landareak:
    • Enbor onak izan badaitezke ere inguruan dituzten kalitate oneko landareak haztea eragozten dutenak.
    • Gutxien garatu diren edo akatsen bat duten landareak.
    • Zuhaitz urkilatu edo okerrak.

Bere tamaina dela-eta, Douglas izeia haizeak bota dezake; hortaz, bakandurak egiten direnean, ez da pasabiderik utzi behar. Landareak egitura-erabilerarako zur-enbor bihurtzeko aukeratzen ditugunean, kontuan hartu behar dugu 60tik 65era arteko lerdentasun-koefizientea izan behar dutela eta helburu berera bideratutako beste landare batzuekiko tarteak ez duela 9 metrotik beherakoa izan behar.

Enbor horiek ez dute inongo gaixotasunik edo akatsik izan behar, eta behar diren inausketak eginak izan behar dituzte; hori betetzen bada, basoan 55 edo 60 urte bete arte egon ahal izango dira. Gomendagarria da hazkuntza-arazoren bat izan duten gainerako landareei 45 edo 48 urterekin mehazketa egitea. Adin horretatik aurrera, landareak ez du irabazten.