Baso-legeria: Mendi publikoak eta mendi pribatuak

Basoaren esparruan, Espainian,  Estatuko oinarrizko legearekin batera (Estatuan aplikatzekoa), autonomia-erkidegoetako legeak eta, baita ere, lurraldeetako xedapenak daude. Estatuko legea 43/2003 Legea da, azaroaren 21ekoa, Mendiena. Autonomia-erkidegoetako legeen edo lurraldeetako xedapenen adibide gisa, honako hauek aipa daitezke: Asturiasko Printzerriko Autonomia Erkidegoko Legea (3/2004 Legea, azaroaren 23koa, Mendiena eta Baso Antolamenduarena) eta Gipuzkoako Mendien Foru Araua (7/2006 Foru Araua, urriaren 20koa, Gipuzkoako Mendiena).

Esan beharra dago Estatuko legea edo oinarrizko legea nahitaez bete beharrekoa dela Estatuaren lurralde osoan. Hala, autonomia-erkidegoetako legeek edo lurraldeetako xedapenek Estatuko legean xedatutakoaren mende jarri behar dute. Grafikoki adierazita, Estatuko legea litekeen jokaleku zabalena da, eta horren barruan, autonomia-erkidegoetako legeek edo lurraldeetako xedapenek hura murriztu dezakete lurralde bakoitzaren irizpideen edo berezitasunen arabera.

Aurreko terminoak mugatu ondoren, jarraian, 43/2003 Legearen arabera, titulartasuna kontuan izanda Espainian dauden mendien sailkapena zein den adieraziko da:

11. artikulua. Mendi publikoak eta mendi pribatuak

Titulartasunaren arabera, mendiak publikoak edo pribatuak izan daitezke.

Mendi publikoak dira Estatuari, autonomia-erkidegoei, tokiko erakundeei eta zuzenbide publikoko beste erakunde batzuei dagozkienak.

Mendi pribatuak dira zuzenbide pribatuko pertsona fisiko edo juridikoenak direnak, banaka nahiz jabekidetzan izanik ere.

Esku komuneko auzo-mendiek izaera berezi hori dute jabetza komunekoak izateagatik. Jabetza hori zatiezintasunaren, besterenezintasunaren, preskribaezintasunaren eta bahitezintasunaren mugei dago lotuta. Lege horren 2.1 artikuluan jasotakoaren kaltetan izan gabe, mendi pribatuetarako xedatutakoa aplikatuko zaie.

Mendi publikoak: (Titularra erakunde publiko bat bada)

Jabari publikoa (pribilegio handiagoak)

  • Herri-onurako mendiak
  • Mendi komunalak
  • Jabari publikokoak berez
  • Ondarekoak (partikular gisa jarduten da, inolako pribilegiorik gabe)

Mendi pribatuak

Pribatuak berez

Esku komuneko auzo-mendiak (pribatuak dira, horietan jabari publikoaren kasuaren antzera jarduten bada ere).

24. artikulua. Mendi babesleen deklarazioa, Mendien 43/2003 Legea aldatzen duen 10/2006 Legearen arabera

Babesletzat deklaratu ahal izango dira titulartasun publiko edo pribatuko mendiak edo lurrak, baldin eta kasu hauetako baten barruan badaude:

  • Arro hidrografikoen buruetan kokatutakoak eta erregimen hidrologikoa erregulatzen era erabakigarrian laguntzen duten bestelakoak; alegia, elur-jausiak, ibaialdiak eta uholdeak eragozten edo murrizten dituztenak, herriak, laboreak edo azpiegiturak babestuta.
  • Higadura-prozesuen aurrean lurzoruak kontserbatzeko lanetarako eta hidrologia- eta baso-zuzenketako lanetarako lehentasunezko jardun-eremuetan daudenak; bereziki, duna kontinentalak aintzat hartuta.
  • Lur- edo harkaitz-jausiak gertatzeko eta urtegiak lurrez estaltzeko arriskua eragozten edo murrizten dutenak, haizearen aurka laboreak eta azpiegiturak babesten dituztenak.
  • Lurrazaleko eta lurpeko ur-harguneak babesteko perimetroetan daudenak.
  • Arroko plan hidrologikoetan sartutako ingurumen-intereseko ibai tarteen parte direnak.
  • Autonomia-erkidegoak zehazten dituen bestelakoak.
  • Baliabide naturalak antolatzeko plan baten (BNAP) nahiz baso-baliabideak antolatzeko plan baten (BBAP) barruan babesekotzat deklaratutako baso-eremuetan kokatutakoak, lege horren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera.