Enborra parkean prestatzea

Printer-friendly version

Enborrak zerrategiko parkean biltegiratzen dira. Enborra iristen direnean, deskargatu eta sailkatu egiten dira, espezie eta partiden arabera. Partida batean hainbat kalitatetako enborrak badaude, enborrak kalitatearen arabera ere sailkatzen dira.

Enborrak 6 edo 8 metroko trontzetan datoz. Dena den, beste neurri batzuetako trontzetan ere etor daitezke. Parkera iristen direnean, deskargatu eta metatu egiten dira. Ondoren, markatu egiten dira, lotea eta jatorria identifikatzeko.

Garabia izanez gero, kamioitik zuzenean deskarga daitezke; bestela, beste bitarteko batzuk beharko dira. Ohikoa da pintza duen traktore bat edo toro bat erabiltzea horretarako. Lan horietan garrantzizkoa da enborrak ondo metatuta uztea, haiek markatzean edo berraztertzean pila mugi ez dadin.

Enborrak zerratzeko, zerraren orgara eraman behar dira. Trontzalariak, motozerra baten laguntzaz, trontzak ebaki beharko ditu bezeroak nahi duen produktua lortzeko. Eskatutakoaren arabera, enbor egokiak aukeratu behar dira eta ebaketa modu jakin batean egin behar da, produktu on bat lortzeko eta gainerako zatia erabili ahal izateko. Gainerakoa zatian identifikazio-etiketa utzi behar da edo identifikazio-datuak errotuladorez markatu behar dira. Hartara, irteera eta biltegia kontrolatzen dira.

Enborra aukeratu eta zer neurri behar den jakinda, enborra traktorearekin edo toroarekin bereizi eta trontzatzen da eskuzko motozerra batekin. Aukeratutako enborra orgaren sarrera-mahaira eramaten da. Horrela jardun behar da eskaera osatu arte edo sarrera-mahaian behar diren enborrak kargatu arte.

Lan horiek egiteko sailkatzailea izateko prestakuntza eta esperientzia behar dira. Trontza aukeratuta, kalitatezko produktuak lortu eta kalitate txikiagoko zura beste erabilera batzuetara bidera daiteke. Prozesua ondo egiteak produkzioa optimizatzen du.