Enborrak botatzea eta arrastatzea

Douglas izeiaren enborrek 50 metro inguru izaten dituzte botatzen dituztenean. Une horretan, erortzen direnean, estresa pairatzen dute, eta batzuetan estres hori traumatikoa izaten da. Horren ondorioz, aldez aurretik ikusten ez diren berezitasunak agertzen dira zuran. Bai erortzen direnean, baita arrastatzen dituztenean ere, berezitasunak dituzten enborrek kalteak izaten dituzte, eta, horien ondorioz, ez dira egokiak izaten egitura-erabilerarako. Kasu horietan, zura beste erabilera batzuetara bideratzen da.

Enborrak botata, adar lehor eta hezeak kendu eta menditik ateratzen dira, kamioia irits daitekeen pista batera. Pistan daudenean, zatikatu egiten dira garraiatzeko. Trontzalariak ondo hautatu behar ditu enborrak edo dagokien erabileretara bideratuko diren enborren zatiak. Berezitasunak agertu zaizkien enborrak ez dira egitura-erabilerara bideratuko.

Tradizioaren arabera, Douglas izeia ilbeheran botatzen bada, balio-bizitza luzeagoa eta erresistentzia hobea izaten ditu. Horri dagokionez, hainbat proba egiten ari dira, baina oraindik ere ez da hori ziurtatzeko datu teknikorik lortu.