FSC sistema

FSC nazioarteko erakunde independentea, gobernuz kanpokoa eta irabazi-asmorik gabea da. 1993an eratu zen, ingurumenaren aldetik baso-kudeaketa arduratsua, gizartearentzat onuragarria eta ekonomikoki bideragarria sustatzeko mundu osoko basoetan. FSCk bi helburu ditu: batetik, zigilu bakarra sortzea (FSC ® zigilua), oro har aplikatzeko estandar batzuen bidez ziurtapenaren sinesgarritasuna bermatu ahal izango duena; eta, bestetik, ziurtatzeko ardura duten erakundeak egiaztatzea FSCren estandarren arabera.

FSCk hiru motatako ziurtagiriak luzatzen ditu: Baso-ziurtapena, zaintza-katea eta zur kontrolatua.

Ziurtagiri mota bakoitza produkzioaren etapa bakoitzarekin dago lotuta; baso-produktua produkzio- edo banaketa-katean non kokatzen den.

FSCren eskakizunak bete izana egiaztatzeak ziurtatu egiten du FSC etiketa daramaten materialak eta produktuak arduraz kudeatutako basoetatik datozela.

Baso-kudeaketaren ziurtapena basoen kudeatzaileei edo jabeei ematen zaie, baldin eta haien kudeaketa-jardunbideek FSCren printzipioetan eta irizpideetan ezarritako eskakizunak betetzen badituzte.

Zaintza-katearen ziurtapena ziurtatutako FSC baso-produktuen fabrikatzaile, errematatzaile eta banatzaileei aplikatzen zaie. Ziurtapen mota horrek egiaztatu egiten du FSC etiketarekin saltzen diren produktuek egiaz FSC material ziurtatuak biltzen dituztela eta euren produkzio-katean zehar kontrolatutako iturrietatik datozela.

Zur kontrolatua definitzearen arrazoia izan da enpresek edo erakundeek euren materialetan zur-iturri onartezinak sar dezaten galaraztea. FSC zur kontrolatua FSC zur ziurtatuarekin besterik ezin da nahasi, adibidez, FSC iturri misto gisa etiketatutako produktuetan.

Berariazko aukerak daude tamaina txikiko edo intentsitate baxuko lursailen jabeen eta erkidegoen baso-eragiketetarako.

FSCk ez du bere kabuz ziurtagiririk luzatzen. Ziurtapen-prozesua erakunde ziurtatzaileek gauzatzen dute. Horiek FSCrekiko enpresa independenteak dira.

Enpresa ziurtatzaile horiek baso-kudeaketa eta zaintza-katea ebaluatzen dute FSCren estandarren arabera. Erakunde ziurtatzaile egiaztatuak (homologatuak) besterik ez daude baimenduta FSC ziurtagiriak luzatzeko.

FSC ziurtagiria lortzeko, honako 5 urrats hauek eman behar dira:

  • FSCk egiaztatutako ziurtapen-erakunde batekin edo gehiagorekin harremanetan jartzea. Kostuaren eta epeen inguruko lehen aurrekontua egiteko, ziurtapen-erakundeak oinarrizko informazioa beharko du eragiketa-prozesuei buruz. Ziurtapen-erakundeak FSC ziurtapena lortzeko eskakizunen inguruko informazioa emango du.
  • Norberak erabaki dezake zein ziurtapen-erakunderekin lan egin eta kontratua sinatu nahi duen.
  • Ziurtapen-ikuskapen bat egingo da, enpresak ziurtapena lortzeko eskakizunak betetzen ote dituen ebaluatzeko.
  • Ikuskapenean bildutako informazioa da ikuskapen-txostenerako oinarria, eta horren arabera dagokion erabakia hartuko du ziurtapen-erakundeak.
  • Ziurtapen-erabakia aldekoa bada, FSC ziurtagiria jasoko da. Ikuskapenean aditzera ematen bada enpresak oraindik ez dituela FSC eskakizunak erabat betetzen, enpresa beste ikuskapen batzuen mende jarri ahal izango da ondoren, ziurtapen-txostenean iradokitako aldaketak egin eta gero.
  • FSC ziurtagiriek bost urteko indarraldia dute. FSCk egiaztatutako ziurtapen-erakundeak ikuskapenak egingo ditu urtero, FSC ziurtapenaren eskakizunak iraunkorki betetzen direla egiaztatzeko.