Galeriak, zuloak…

Intsektuek egindako milimetro gutxiko zulo txiki batzuk dira. Intsektuak larba-ziklokoak (adibidez, sitsa edo pipia) edo sozialak (adibidez, termitak) izan daitezke, eta zurez elikatzen dira. Basoan bizirik dauden zuhaitzei, biltegiratutako zurari eta obran jarritakoari erasotzen diete.

Intsektu kaltegarrienak (xilofagoak) hauek izaten dira zurarentzat:

KOLEOPTEROAK

Larba-zikloko intsektuak dira (errutea, larba, pupa eta imagoa) eta larba-fasean zurez elikatzen dira. Pitzadura edo beste akats batzuetan arrautzak errunda hasten da zikloa; gero larbak zuraren barruan garatzen dira zikloa osatu arte; eta intsektu perfektua edo imagoa kanpora irteten da, zulo bat eginik, eta parekatzea bilatu eta beste arrautza-errunaldi bat gertatuko da, berriz ere zuretan.

Gure gaiari dagokionez, koleoptero xilofago garrantzitsuenak hauek dira:

Liktidoak (sitsak)

Intsektu hauen larbak zelula-paretako almidoiaz elikatzen dira, eta horretarako 1 mm inguruko diametroko galeriak egiten dituzte, zura suntsitu eta haien atzean zerrauts oso xehe bat utzita.

Orokorrean urteko ziklokoak dira, klimatologia oso ona dagoen zonetan izan ezik; horietan, urtean bi ziklo izan daitezke.

Xilofago horien erasoa jasateko zurak izan behar dituen ezaugarriak dira, funtsean, zura lehor egotea, hodi handiak dituzten hostozabalenak izatea eta almidoi-eduki nahiko handia (> % 1,5) izatea. Horregatik, zur espainoletan, haien erasoak ugariak izaten dira haritz, gaztainondo, intxaurrondo, lizar eta zumarren zuretan.

Erasoek ez dute kalte handirik egiten, urte askotan jarduten utzi ez bada, eta hori gerta daiteke, galeriak oso txikiak direlako eta gertatzen den zur-galera oso txikia delako portzentajean. Hala ere, haien eraginak oso azkar agertzen dira (lehen urtean erasoaren ondoren).

Anobidoak (pipi xehea)

Intsektu hauek aurrekoen antzeko ziklo bat dute. Desberdintasuna da zelulosaz elikatzen direla, bai koniferoenaz, bai hostozabalenaz, 2 edo 3 mm-ko diametroko galeriak eginez, haien atzean zerrauts ez hain xehea utzita.

Hezetasun-maila jakin bat duten zurei erasotzen diete eta, beraz, maizago eragiten dute kostaldeko zonetan edo zurari gutxieneko hezetasun-maila bat ematen dioten beste lokalizazio batzuetan.

Zeranbizidoak (pipi larria)

Aurrekoek bezala, larba-fasean zurei erasotzen dieten intsektuak dira (Espainian Hylotrupes bajulus-ek koniferoei eta Hesperophanes spp.-ek hostozabalei), 6 mm inguruko diametroko zulo oso handiak utzita, zerrauts oso zakar batez itxiak.

Intsektu helduaren irteerak forma eliptikoa du, 6 mm inguruko diametro handienekoa.

Intsektu hauen zikloa zenbait urtetakoa da (3-11 artekoa), eta horrek eragiten du, haien galerien diametroarekin batera, kalteak nahiko handiak izatea, erasoak agerian geratu baino lehen.