Lodiera- eta neurri-akatsak

Lodiera- eta neurri-akatsak lotuta ohi daude zuraren aurpegi edo alboen osotasunik ezarekin, aurpegien eta alboen arteko paralelotasunik ezarekin edota, besterik gabe, zerratutako piezen lodiera-akats batekin.

Osotasun-akatsak zerratzean zerra-zinta gilbortzearen ondorioz ager daitezke, edota ohol-enborraren higiduragatik zatikatzean.

Lehen kasua (ohikoena, agian) arazo hauen ondorio izan ohi da: zerra-zintaren tentsio-akatsa, giden okerreko antolaera edo, era berean, zerren zorrozte-akatsa. Arazo horiek ebaketa-erreminta esfortzu handiagoa egitera behartzen dute eta, ondorioz, hura gilbortzea dakarte. Orgaren edo bultzagailuaren abiadura desegokiak ere akats horiek sorraraz ditzake.

Bigarren kasua (ezohikoagoa) ohol-enborraren oratze-akatsaren ondorio da: ohol-enborra mugitu egiten da zerra-zintaren kontra jasaten duen bultzadagatik.

Zerraketan azken urteotan izandako aurrerapen teknikoei esker, gero eta errazagoa da eskatutako neurrien araberako piezak lortzea. Izan ere, gero eta zabalduagoa dago makinaren posizioaren programazio automatikoa piezen neurri bakoitzerako. Are gehiago, zerraren desbideratze txiki bat dagoenean makina automatikoki geldiarazten duten automatismoak sartzen ari dira. Nolanahi ere, zuraren ezaugarrien aldakortasuna dela-eta, espezie beraren barruan ere, pieza batzuen gehiegizko lermak neurri-akatsa ekar dezake.