Taxonomia botanikoa

Asko dira zurak izendatzeko erabiliko diren sailkapen-irizpideak. Horrela, zuhaitzak izendatzeko, termino hauek erabiltzen dira: koniferoa, hostozabala, hostogalkorra, boreala, tropikala, etab.

Zura izen komertzialarekin izendatzea, batzuetan, arazo bihur daiteke. Gerta daiteke izen komertzial batez genero bereko zenbait espezie izendatzea. Adibidez, Southern yellow pine edo hegoaldeko pinu horia izenarekin propietate berdintsuak dituzten Ipar Amerikako zenbait espezie merkaturatzen dira.

Landareen sailkapena taxonomia botanikoa erabiliz egin daiteke, hau da, landareak dibisio, klase, ordena, familia, genero eta espezietan taldekatzeko aukera izango da. Horregatik, zuraren sailkapena zuhaitzen izen botanikoaren bidez egingo da, espezie bakoitzari dagokion zura zehatz-mehatz zein den jakiteko.

Fitxetan, zuhaitzen izen arruntarekin edo komertzialarekin batera, izen zientifikoa (generoa eta espeziea) azalduko da. Adibidez, Pinus sylvestris L. izenarekin, lehenbiziko hitzak (Pinusek) generoa adierazten du eta bigarrenak (sylvestrisek), espeziea. L letrak landare hori sailkatu zuenaren deitura (Linneo) adierazten du. Jarraian, zuhaitza zer familiatakoa den agertuko da. Eta ondoren, sailkapen orokorrago baten araberako zuhaitz taldea aipatuko da.