Zein betebehar dituzte merkaturatze-enpresek?

Arreta egokiaren sistemaren arabera, zura eta bere eratorriak Europar Batasunean lehen aldiz merkaturatzen dituzten enpresek jatorriko legezkotasuna frogatu beharko dute eta, beharrezkoa denean, produktu horiek zein agenteri hornitu zaien adierazi beharko dute.

Fabrikazio- eta merkaturatze-katean esku hartzen duten gainerako agenteek gai izan behar dute prozesu osoan trazabilitatea dokumentu bidez ziurtatzeko. Gainera, zuraren jatorriari buruzko informazioa gutxienez 5 urtez gorde beharko dute.Arreta egokiaren sistemak hiru betebehar hauek jasotzen ditu Europar Batasunean zura edo bere eratorriak lehen aldiz merkaturatzen dituzten enpresentzat: Informazioa, arriskuaren ebaluazioa eta arriskua arintzea.

  • Informazioa. Enpresek honako informazio hau eskuragarri jarri beharko dute: produktua (izen komertziala eta mota, aprobetxamendu-herrialdea, kantitatea, etab.), hornitzailea, hartzaile komertzialak, aplikatu beharreko legeria betetzen dela frogatuko duen dokumentazioa, etab.
  • Arriskuaren ebaluazioa. Hornidura-katean legearen aurkako zura egoteko arriskua neurtu beharko da. Hainbat alderdi kontuan hartuko dira: aplikatu beharreko legeria betetzeko bermeak, zuhaitz-espezie jakin batzuen nagusitasuna, aprobetxamendu-herrialdean legearen aurkako mozketak egiten direnaren ziurtasuna, nazioarteko erakundeek ezarritako zigorrak, etab.
  • Arriskua arintzea. Arriskurik balego, horiek murrizteko beharrezko neurriak hartuko dira. Neurri horien artean egon daiteke informazio edo dokumentu gehigarriak aurkezteko betebeharra ezartzea edo hirugarren alde independente baten egiaztapena eskatzea.

 Legezkotasuna egiaztatzea

Zura edo bere eratorriak Europar Batasunera lehen aldiz ekartzen dituzten enpresek haien legezkotasuna egiaztatu beharko dute. Zuraren aprobetxamenduan behar adinako legezkotasun-bermea baldin badago, ez da beharrezkoa izango SDD bat ezartzea; zehazki, kasu hauetan:

  • Lizentzien FLEGT akordioa, Europar Batasunaren eta akordioak sinatu direneko herrialde esportatzaileen artekoa (2173/2005 Araudia).
  • Esportaziorako CITES baimena, 338/1997 Araudiaren A, B eta C eranskinetan zerrendatutako zur-espezieetako edozeinetarako.

Beste egoera batzuetan, arriskua gutxienekoa dela edo arriskurik ez dagoela kontuan hartzen da:

  • Baso-kudeaketa iraunkorraren eta/edo zaintza-katearen ziurtapena (PEFC, FSC nahiz nazioartean aintzatetsitako beste edozein eskema, hirugarren alde independente batek egindakoa).
  • Legezkotasunaren eta zaintza-katearen ziurtapena, hirugarren alde independente batek egindakoa.
  • Administrazio publikoaren edo Europar Batasuneko herrialde baten mozte-baimena; arriskurik gabekotzat edo gutxieneko arriskukotzat katalogatutako herrialdeena edota 4tik gorako CPIa (ustelkeria hautemateko indizea) duten herrialdeena.