Ziurtapen-sistema nola egiten den. Zeinek ziurtatzen duen

Baso-azalera baten baso-kudeaketa iraunkorra ziurtatzeko, ikuskapen-prozesu bat gainditu beharra dago. Ikuskapen hori Espainian jarduteko baimena duen ziurtapen-erakunde egiaztatu batek egin behar du.

Ziurtapen-prozesuak egiaztatu edo kontrolatzeko eginkizuna Entidad Nacional de Acreditación (ENAC) erakundeak edo erakunde baliokide batek du; ISO Guide 65 programan zehaztutako eskakizunak eta Berariazko ohar teknikoan deskribatutako gainerako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

Entidad Nacional de Acreditación (ENAC) Administrazioak izendatutako erakundea da maila nazionalean egiaztapen-sistema ezarri eta mantentzeko, nazioarteko arauen arabera eta, betiere, Europar Batasunak ezarritako politikei eta gomendioei jarraituz.

ENAC erakundea onura publikokotzat, independentetzat, irabazi-asmorik gabekotzat, eta Administrazioak bultzatu eta babestutakotzat deklaratuta dago. Zerbitzu publikoko bokazio nabarmeneko eginkizuna betetzen du, Administrazioari eta, oro har, merkatuari zuzendutakoa. Bermatu egiten du bere jardun guztiak inpartzialtasunaren, independentziaren eta gardentasunaren printzipioetan oinarritzen direla, izaera tekniko nabariaz; eta egiaztapenarekin lotutako alderdietan interesak dituzten agente guztiei balioa dakarkie.

Eginkizun hau du: adostasuna ebaluatzeko erakundeen (laborategiak, ikuskapen-erakundeak, ziurtapenekoak, egiaztatzaileak) gaitasun teknikoa ebaluatzea; horrela, Administrazioaren, merkatuaren eta, oro har, gizartearen aurrean euren jardueretan konfiantza sortzeko.

Egiaztapen-erakundeek IAF (International Accreditation Forum) erakundeko kide izan behar dute, eta ISO/IEC 17011:2004 arauan eta adierazitako erakundeak aintzatetsitako beste dokumentu batzuetan deskribatutako prozedurak bete behar dituzte.