Zurak eraikuntzan duen garrantzia

Printer-friendly version

Oro har, zuraren industriak zura kontsumo-produktu bihurtzea hartzen du barruan. Sailkapen xumea eginez, honako enpresa mota hauek bereizten ditugu: lehen transformazioko enpresak, produktu erdilanduak sortzen dituztenak (ohol-enpresak, zerrategiak eta zuraren prestakuntza industrialekoak); bigarren transformaziokoak, azken produktuak sortzen dituztenak (ontzi eta bilgarriak egiten dituzten enpresak, altzari-enpresak, zurgindegiak…); eta, zikloa itxiz, berreskuratutako zureko biomasak kudeatzen dituzten enpresak.

Gaur egun, Espainiako zur-sektoreak erronkak aukera bihurtzeko bideari ekin dio, eta egunetik egunera bere lehiakortasuna hobetzen du, teknologiaren eta iraunkortasunaren alde eginda.

Ildo horretan, material moldaerraza, iraunkorra, berriztagarria, arina, erresistentea eta birziklagarria, kutsatzen ez duena eta klima-aldaketaren kontra eraginkorra dena bilatu nahi badugu, zura besterik ezin dugu aukeratu.

Zuraren aldeko apustua egitea ekologiaren aldeko apustua egitea da. Gure ingurunea zaintzea da, material berriztagarri, birziklagarri, natural eta hondakin kutsakorrik sortzen ez duenarekin.

Espainiako zur-industriak garbi du zer hornidura-premia dituen, eta beste inori baino gehiago interesatzen zaio bere jarduerari eusteko nahikoa baliabide edukitzea; horrexegatik egiten du basoen etorkizuna ziurtatzen duen baso-kudeaketa iraunkorraren alde.

Azken urteotan garatu eta zurari aplikatu zaizkion aurrerapen teknologikoei esker, material honen inguruan zeuden mitoetako bat ezabatu da, hauxe:zuraren erabilera eraikuntza tradizionalei lotuta dagoela. Eta hori ez da, inondik ere, egia. Gaur egun, zur teknikoa erabiltzen duten ingeniaritza-obra guztiz abangoardistak egiten dira.

Oso tamaina handiko nabeak eraikitzen dira, eta horiei argi ikaragarriak jarrita, espazio diafanoak sortzen dira, zurak dituen ezaugarri fisiko eta mekaniko bikainei esker: kirol-instalazioak, merkataritzaguneak, jatetxeak, upeltegiak, hotelak eta eraikin publikoak, modlagarritasun eta kalitate handia erakusgarri dutenak.

Eraikuntzari dagokionez, zurak abantaila ugari eskaintzen ditu. Arinak eta obretan moldaerrazak direnez gero, zurezko egiturak erabiliz beste material batzuk erabiliz baino denbora gutxiago behar izaten da muntaiak egiteko.

Zuraren sektoreak, halaber, nabarmen egin du aurrera eta produktu berriak eskaintzen ditu erabiltzaileen premietara egokitzen eta arauzko prestazio tekniko guztiak betetzen dituztenak.

Zurak ematen dituen erresistentzia, kalitatea, segurtasuna, beroa eta kolorea garbi ikusten dira material noble horrekin egiten diren eraikuntza guztietan; eta, gainera, emaitza bisualki gaindiezinak lortzen dira.

Proiektu honekin, Lanbide Heziketarako material didaktikoak sortu nahi izan ditugu, zurezko produktuak ezaugarritzeko eta merkaturatzeko espezialisten prestakuntzarako laguntza emateko. Bestalde, Douglas izeiaren zura ezaugarritu dugu ez baitago hura CE markako produktu gisa ziurtatzeko araudirik, betiere eraikuntzan erabiltzeari dagokionez.