Zuraren aprobetxamenduari buruzko oinarrizko gaiak

Zuraren nazioarteko aprobetxamenduak eta merkataritzak bi eskakizun-maila dituzte; hots: legezkotasuna eta iraunkortasuna.

Legezkotasunak, funtsean, betebehar hauek dakartza herrialde ekoizlearentzat: baso-legeak eta natura babesteko legeak betetzea, espezieen merkataritzarako nazioarteko hitzarmenak (CITES) betetzea, eta zura aprobetxatu, garraiatu, esportatu eta inportatzeko baimenak izatea.

Aprobetxamenduaren iraunkortasunak hiru ekarpen hauek dakartza berekin:

  • Aprobetxamenduaren errentagarritasun ekonomikoa.
  • Basoaren aberastasun naturalari eustea eta berori areagotzea ere, bai kantitatean, bai kalitatean.
  • Basoarekin zuzenean lotutako herrien baldintza sozialak hobetzea eta haien nortasun kulturalari eustea.

Garapen txikiagoko herrialde batzuetan, ez dago behar adinako kontrolik zuraren aprobetxamenduaren gainean. Horregatik, legearen aurkako edo gehiegizko mozketak egiten dira herrialde horietako agintariek gutxiago kontrolatzen dituzten eremuetan. Mota horretako aprobetxamenduek zuraren legezko merkataritza zikintzen dute eta horretan diharduten eragileen gaineko zalantzak sorrarazten dituzte.

Horregatik, komeni da zuraren aprobetxamenduaren legezkotasuna ahal den neurrian ziurtatzea.