Egitura-erabilerako zur nagusiak antzemateko gako dikotomikoak

SARRERA

Zurak antzematea ez da zailtasunik gabeko teknika. Espezieak segurtasunez identifikatzea du helburu, bakoitzaren berezko ezaugarri bereizleetan oinarrituta.

Alabaina, ezaugarri sinpleak normalean ez dira izaten behar adina kategorikoak edo erabakigarriak tratatutako espezieak segurtasunez bereizi ahal izateko; batez ere, aplikazio-esparrua zabala denean.

Horregatik, zentzumenak (ikusmena, usaimena eta dastamena ere) zuzenean aplikatzean oinarritutako ezaugarriez gainera, luparen edo mikroskopioaren laguntzaz soilik antzeman daitezkeen xehetasunak daude. Hori da bide bakarra egiazko baieztapena ahalbidetuko duten emaitzak lortzeko.

Dena den, zuren multzo gutxi-asko txikietarako (hala nola, Iberiar penintsulan baliatu ohi diren egitura-erabilerako zuren multzorako), haiek nolabaiteko segurtasunez bereizteko gida egin daiteke.

Hemen, gako dikotomiko bat aurkezten dugu, kateatutako zenbait galderatan oinarritzen dena; eta galdera bakoitzak bi erantzun posible ditu.

Erantzun bakoitzak (koniferoetan letra batez eta hostozabaletan zenbaki batez adierazita) beste galdera zehatzago batera darama, hautatzeko aukerak mugatzen doan galderara, hain zuzen. Hala, azkenean, espezie bakarra geratzen da ezaugarrituta.

Esaterako, galdera batzuk gai hauei buruzkoak dira: zurgizenaren edo zurgiharraren kolore-ezaugarriak, haziera-eraztunen forma eta lodiera edota erretxin-hodien edo -kanalen presentzia. Ezaugarri horiek erraz ikusten dira, nahiz eta nolabaiteko subjektibotasun-mailari lotuta dauden.

Baina, beste batzuetarako, landare-anatomiaren ezagutza osatuagoa behar da. Deskribatutakoa ulertzen eta ondorengo erabakia hartzen laguntzeko, adierazitako kontzeptuen azalpen teorikoak jasotzen dira.

Azkenik, zenbait gai konplexuagoak dira eta erraz eskuragarriak ez diren teknika mikroskopikoak erabiltzea eskatzen dute. Gai horiek informazio gehigarri gisa edo aurrekoaren baieztapen zehatz posible gisa soilik adierazten dira.

Kasu guztietan, garrantzitsuak dira esperientzia, zehaztasuna eta sen ona.

Komeni da aztertu beharreko laginak espeziearen ahalik eta adierazgarrienak izatea, zurgizen- eta zurgihar-eremuak edukitzea eta, ahal dela, zeharkako ebakiaz gain, ebaki tangentziala eta erradiala izatea.

Era berean, gomendagarria da problemako zurak alderatzea gidan jasotako irudiekin, agertzen diren estekak sakatzean zabaltzen diren espezieen fitxekin edo aztertutako espezieen benetako lagin sortekin.

Halaber, kontuan izan behar da zuren izen arruntak eta komertzialak asko aldatzen direla esparru geografikoaren arabera, eta erreferentzia zehatza izen zientifikoaren bidez soilik lortzen dela.

 

Hurrengoa